Surf Txapelketean Gainean
Aste honetan surfaren gaineko azkenaren barri izan dogu. Aurton, munduko surf txapelketea ez ei da Mundakan ospatuko. Ez dabe horretarako bestelako asmorik behintzat. Arrazoi garrantzitsuenetariko batzuk, azken urteotako olatu eskasia eta surfista profesional onenek, norgehiagoka hau Mundakan ez ospatzeko eginiko eskaerak izan dirala ekin deutsie esaten antolatzaileek.
Ni neu ez naz kirol honen jarraitzailea. Halanda be, esan behar dot, herrira, jente asko ekarten dauala, kanpotarrak batez be. Honeek, herriko zerbitzuai ikaragarrizko irabaziak eragiten deutseez. Ez doguzan geure buruak engainau; herriko zerbitzuai dinot, eta ez herri edo herritar guztioi. Onura ekonomikoak denda, taberna edo ostatu horreen jaubeek baino ez dabezalako jasoten.
Horrezaz gainera, badagoz beste moeta bateko aberastasunak, honeek bai herritarrontzako modukoak. Kulturean gorabeheran dihardut orain. Beste herrialde batzutako jentea ezagutzeak eta alkarregaz hartuemonean egoteak dakarku ugaritasun hori. Hainbat hizkuntzetan berba egiteko upealako aukerea. Hori bai, norberarena entzutea ez da behar erreza. Antolakuntzeak ez dau-eta ezelako berbarik (inoiz puntuazinoak, edo komentarioren bat...) euskeraz egiten, ezta panfletorik edo informazinorik euskeraz eskeintzen. Euskereak ez dauko ia ezelako lekurik halako txapelketan, gure herrian egiten dala argi itxi arren. Horretarako ikur patriotikoak erabilten dabez: ikurrinak, lauburuak... Baionako jai “euskaldunetan” letxe.
Beste alde txar batzuk be badaukaz, baina. Mundaka osoa bete egiten da eta herriko jente nagusiari txapelketa egunek zer deritxen itaundu ezkero, burukomin itzela dirala erantzungo deutsue nonbait.
Munduko surf txapelketa horreetako askoren antolaketan dabilen enpresarentzako bertoko olatua horren inportantea bada, ostera, zergaitik ez datea aldatu? Behar bada, markan eragingo dauan publizidadea izan daiteke. Surf berba entzuteagaz batera, eguzkia, itsaso urdina, hondartza paradisiakoak jatorkuz burura, Mundakan abuztuan ezpada betetan ez danik.
Amaituteko beharrean, dana labur baten batuz, esan neike surfak Mundakan eragin handia izan dauala azken urteotako turismoan, baita herriaren izatearen eboluzinoan be. Egun berezi horreetan, itsasaldeko herritxu bat izatetik mundu guztiko jentea batzen dauan leku handia izatera pasetan da eta.
2008-03-01 Busturialdeko Hitza






