Aratusteak, badatoz
Urtero legez, aurten ere, Mundakan atorrak eta laminak izango ditugu kalejiran. Mundakarrentzat egun hoberik ez ei dago, hori dio abesti ospetsuenak bederen. Inork ez daki zelan agertu zen atorra, baina ondo dakigu mundakar bakar bat izan zela. 300 urte baino gehiagoko ohiturari buruz hitzegiten ari natzaizue, atorrak, Mundakako kale guztietatik zehar ibiliko direnak, zuriz jantzitako izaki misteriotsuak bezain alaiak dira. Almohada azalez egindako marrua daramate buruan, eta gona bi soinean, bat gerritik behera eta bestea samatik, horrez gain, marraztutako bibote ederrak erakusten dizkigute.Goizean goiz, txistularien dianarekin atorra batzuk kalera irteten dira irina botaz, dena zinkiduz, honek aratusteen etorrera adierazten du. Mezaren ondoren, atorrek, Jose María Egileor-en etxearen parean ematen diote hasiera jaiari, Aratuste abestuz. Ondoren kanta berria entonatzen dute, aurtengoak, Ttipi-Ttapa, "Mundakako Atorrak Elkartea" osatzen duten koadrilen izenak batzen ditu. Ondoren, txorrokopuntatik pasatuz, herri guztiari emango zaio bira, zenbait atsedenaldi eginez, hori bai, abesteko. Azkenik, portuan jarriko dira atorra guztiak, zuzendaria gruako kaian dela, bertan, hiruzpalau kantu ezberdin abestuko dituzte 'Jo Ta Ke' ahantzi barik, noski. Atorrek, txoputako talaian amaitzen dute kalejira eta ondorengo orduetan herri osotik barreiatuta ibiliko dira.
Arratsaldean, laminak agertuko dira algara bizian, herriko arima guztiak iratzarriz. Beraien ohiuek eta abestiek ezin izango dute Mundakako hormarik bota, horren ordez, biziki dantzatuarazi egingo dituzte mundakarrak. Laminak kalez-kale dabiltzan bitartean atorrak ere pasakailean ibiliko dira topo egin arte, hori izaten da eguneko momenturik liluragarriena, zoratzeko modukoa, zuri-beltzak zirri eta zarra.
Besta honek hurrengo goizera arte jarraitzen du, oilarrak kukurruku egin arte hain zuzen.
Labels: euskal herria, kultura, mundaka






