I.
Karriketan korrika, korrika karriketan doa Euskara... Umeak aspaldi hasiko ziran aurtengo kantea ikasten. Bestela Pirritx eta Porrotxena, pozkorragoa, hareek gurago. Egun batzuk falta direnean, hasikera eta amaitukera puntuak ebazten ibilten dira gazteak: «Buah tio, yo de Gernika a Bermeo, de tranquis». Erdal inguru batean, derrepente biztuten da euskerearen aldeko martxa baten parte hartzeko gogoa.
Jentea Gasteizera joateko prest agertu da. Autobusak antolau dira bertara hurreratuteko, antza. Ikastolen aldeko jaien antzekoa izango ei da, goizean korrian egin, gero lantzarrean etzun, jan, eran eta arratsaldez kontzertua. Plan bikaina, ezta?
Umeek ondo gogotsu ekitze hartukerea prestatzeari. Daburduko kanta ezagunenak memoriaz dakiez.
II.
Heldu da eguna, gitxi falta da korrika ailegatzeko. Danok gagoz esperoan, nerbioso. Umeak behar bada, aspertuta, noiz etorriko zain. Gurasoak euren artean berbetan: «¡Qué pereza esto de correr ahora!». Gitxi batzuk ibiliko dira umetxuai euskeraz egiteko eskatzen, honeek kasurik be ez. Egia esan, arrazoi osoz. Zergaitik esana egin, eureneko nagusiek euskera eguneroko berba lez erabilten ez badabe?
Badator asagotik tipi-tapa. Zaratak, itzelezko aldarriak entzuten dira urrunean. Azken beroketak martxa ailegau aurretik. Kirolariak zuhur dagoz arineketan egiteko.
Hasi da euskal maratoia: «Hemen ere euskararen alde!», «ika ika ika, hemen dator korrika» etabar luze bat. Minutu batzutan halantxe, euskal giroan gabilz herria gurutzau arte. Gero batzuk lotu egingo dira. Indartsuenak, baina, aurrera egingo dabe, ahal dan moduan kilometroak eginaz.
III.
Umeak herrian lotu behar dabe. Ostera be eskolara, korrika eguna ospatutera, baina. «¡Qué!, ¿tomamos un cafecito en el puerto?», kafea hartzea ondo deritxe gurasoai, kantsauta dagoz, egun gogorra izan da. Ez dakit nik, kilometro erdi korridutearen esfortzuak ala euskereak berak itxi dabezan jota. Orokorrean jenteak ondo pasau dabela emoten dau.
Dana dala, gelditu barik, aurrerantza doa korrika, bihar Gasteizera heldu arte. Urtetxu bi itxaron beharko doguz hurrengoa ikusteko. Zorionez, gure hizkuntzea beste ekitaldi batzuetan entzuteko aukerea izango dogu behintzat. Eskola egunean, euskal jaietan... nork daki?
2009-04-04
Busturialdeko HitzaLabels: aek, euskara, gizartea, hitza, korrika, kultura